Prentsa Aretoa
2017/03/08
Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta EBBren adierazpena
EAJ-PNVren adierazpena 2017ko martxoaren 8an
Emakumeen Nazioarteko Eguna. EAJ-PNVren adierazpena 2017ko martxoaren 8an
ADIERAZPENA - 2017/03/08
Berdintasuna Giza Eskubide bat da, demokratiko deitzen diren edo demokratikotzat jotzen diren gizarte guztiek errespetatu, bideratu eta bultzatu behar dutena. Berdintasunak ahalbidetzen du emakumeek zein gizonek beren gaitasun guztiak garatzeko eta beren erabakiak hartzeko aukera izatea, genero estereotipoek inposatutako mugarik gabe. Ondorioz, generoen arteko berdintasun eza da gizarte aurreratua garen aldetik borrokatu eta desagerrarazi behar dugun mehatxu nagusienetako bat.
XXI mendeko bigarren hamarkada nahiko aurreratuta dagoen honetan, eskura ditugun ahalegin, baliabide eta tresna guztiak baliatu behar ditugu indarkeria matxistari amaiera emateko helburuarekin premia osoz egin behar dugun lan honetan. Horretarako, gizarte mailan emakumeen kontrako indarkeria gaitzesteko egiten dugun lana bikoiztu eta indartu behar dugu, bereziki gazteen eta gizonezkoen artean eta basakeria honen sorburuan ahalegin berezia eginaz, hau da, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza.
Erabakitzeko prozesuetan emakumeen eta gizonen parte hartze orekatua bermatzea da edozein gizarte aurreratutan eman behar den baldintzetako bat. Hala adierazita dago Toki mailako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Europako Kartan. Agiri horretan, Gobernuei eskatzen zaie behar besteko neurriak eta estrategiak har ditzatela erabaki esparru guztietan emakume eta gizonen arteko ordezkaritza eta parte hartze orekatua sustatzeko.
EAJ-PNVk uste du Euskadiren garapena aukera berdintasunean oinarritu behar dela eta, oso modu berezi batean, emakume eta gizonen aukera eta lan baldintzak parekatzeko orduan. Horregatik, hain zuzen, gure ahalegin guztiak bideratu behar ditugu pertsonen artean egiazko aukera berdintasuna bermatzera. EAJ-PNVren konpromisoa da berdintasuna eta nortasuna bultzatzea, elkarbizitzarako egitasmo sendoa eraikitzeko oinarrizko elementuak diren aldetik. Apustu irmoa egiten dugu aukera berdintasunaren alde, emakumeen ahalduntzearen alde eta, oreka sozialerako eta elkartasunerako motorea den aldetik, aniztasuna errespetatzearen alde.
EAJ-PNVn ondo baino hobeto dakigu zertaz ari garen emakumeek etorkizun gizabidezkoagoa, zuzenagoa eta bizitzeko egokiagoa eraikitzeko lana egin dezaketela eta egin behar dutela esaten dugunean. Izan ere, emakumeek funtsezko eginkizuna bete izan dute Euskadi herriaren historian eta 1895ean sortu zen alderdi honen ibilbidean. Guda zibila baino lehen, guda garaian eta guda ostean, klandestinitatean eta demokrazian, EAJ-PNVko emakumeek, alderdikide zein alderdizaleek, lan eskerga egin zuten, ordainezina, ia beti itzalpean eta gutxitan behar bezala eskertua. Gaur uste osoz eta irmotasun osoz esaten dugu gure alderdi hau ez litzatekeela ulertuko iraganeko emakume alderdikide haiek egin zuten ahaleginik eta lanik gabe eta gaur egungo emakume alderdikideen esfortzurik gabe. Horregatik, iragan larunbatean, Sabin Etxean, omenaldi hunkigarria eskaini genien eta ondo merezitako esker ona adierazi genien atzoko eta gaur egungo emakumeei eta, horiei guztiei esker, bihar izango diren emakumeei ere bai.
Horregatik guztiagatik, EAJ-PNV osatzen dugun emakumeok eta gizonok, gaur, 2017ko martxoaren 8an, gure konpromiso hauek berretsi nahi ditugu:
- Emakume eta gizonen arteko egiazko berdintasun eraginkorra lortzeko urrats sendoak ematen jarraitzea, zentzu honetan aurrera egiten lagunduko digun balore aldaketa sustatuaz.
- Hiritargoa berdintasunaren balio sozialaz eta berdintasun horrek gizarte aurreratua lortzeko orduan dituen inplikazioen balioaz kontzientziatzea.
- Herri karguetan zein barne karguetan dauden EAJ-PNVko kideak berdintasun alorrean prestatzea.
- Indarkeria matxistari "gerra adierazpena" egitea, berdin dio nolakoa den, fisikoa edo psikologikoa, presentziala zein birtuala.
Konpromiso hauek ikusarazteko eta eskubideen berdintasunean oinarritutako gizartea aldarrikatzeko, Sabin Etxean lan egiten dugun emakumeok eta gizonok gaur goizean 11:30etik aurrera, hamar minutuko geldiunea egingo dugu Euzkadi Buru Batzarraren egoitzaren aurrean.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/05/07
EBB
2020/12/10