ZALLA

Prentsa Aretoa

2017/10/27

Bizkaiak 1.194 milioi euro izango ditu herritarrentzako zerbitzuak hobetzeko eta inbertsio publikoa berreskuratzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak 7.813,2 milioi euroko aurrekontu-proiektua onetsi du 2018. urterako , eta horietatik 1.193,7 milioi sailen esku egongo dira

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Bizkaiko Foru Aldundiak 2018. urterako Bizkaiko Aurrekontu Orokorren Proiektua onetsi du. Bertan, 7.813,2 milioi euroko diru-sarrerak eta gastuak jaso dira. Kopurua % 5,66 handitu da 2017. urteko aurrekontuarekin alderatuta; izan ere, Aldundiak 418,5 milioi euro gehiago ingresatu eta edukiko ditu ekitaldi honetan.

Aldundiak legegintzaldi honetarako hartutako konpromisoei erantzute aldera, aurrekontu-proiektuak hiru ardatz nagusi izango ditu: pertsonak, lurraldearen kohesioa eta jarduera ekonomikoa eta enplegua.  Zenbatekoei begiratuz gero, aurreko urteetan bezalaxe, aurten ere pertsonei arreta ematearena gailentze da, Aldundiak 525 milioi euro erabiliko baititu xede horretarako. Batik bat, Gizarte Ekintza Saila arduratuko da zenbateko hori kudeatzeaz. Haurrei, adinekoei eta desgaitasunak edota mendekotasuna duten pertsonei arreta handiagoa emateko ekintzak egingo dira, eta Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen jarduera finantzatuko da. Era berean, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren aurrekontuan partida asko erabiliko dira gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzeko eta aukera-berdintasuna eta herritarren eskubideak bultzatzeko.  Ardatz horren barruan daude, halaber, beste erakunde batzuekin osatzen duen Gizarte Zerbitzuen Funtsari Bizkaiak egiten dion ekarpena.

Bigarren ardatzean, ia 400 milioi euro egongo dira Foru Aldundiak lurraldearen kohesioa sustatzeko egingo duen lana indartzeko partidetan. Horrela, bizkaitarrek aukera gehiago izango dituzte, bizi diren tokia gorabehera. Alor horretan, honako hauek dira garrantzi handiena izan ohi duten partidak: garraio publikoak, hala nola Bizkaibus edo Bizkaiko Garraio Partzuergoarena; azpiegituren garapena, kontserbazioa eta plangintza; AP-8 eta AP-1 bidesarien diru-laguntza; edo Busturialdean herritarrei arreta integrala emateko bigarren bulegoa irekitzea. Bestalde, Aldundiak lurraldeko udalak finantzatzeko erabiltzen dituen 847,7 milioi euroak sartu behar dira ardatz honetan, ezohiko egoeretan arreta emateko sortutako hiru milioi euroko funtsa, esaterako.

Amaitzeko, guztira, 71,8 euro biltzen dituzten beste partida batzuk sartu dira jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzeko, hau da, aurrekontuaren hirugarren ardatz nagusiari aurre egiteko. . Atal horretan, Ezkerraldeko Parke Teknologikoa handitzea eta Ekintzailetzarako Nazioarteko Zentroa Sortzea edo Energy Intelligence Center sortzea jaso dira.

Diru-sarreren % 96 Aldundiak berak egindako bilketaren bitartez lortu da.

Bizkaiak 2018. urterako izango duen aurrekontua zehazteko, aintzat hartu da tributu itunduen bilketa aurreikuspena. Diru-sarrera hori zenbateko osoaren % 96 da, eta 7.500 milioi euro baino gehiago ekarriko ditu. Gainerakoa, hau da, 154 milioi euro, beste diru-sarrera batzuetatik eta zorpetzetik lortuko da kopuru bertsuetan.

Sailetarako eskuragarri dagoen zenbatekoa gastuaren mugak baimendutakoaren arabera hazi da.

Gastuei dagokienez, beste erakunde batzuekin ditugun konpromisoak, guztira, 6.211,1 euro dira. Partida Nagusiak Eusko Jaurlaritzari egiten zaion ekarpena eta udalen finantzaketa dira. Estatuari ordaindu beharreko kuota hazi egin da, 152 milioi euroan, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan sinatutako akordioan jasotako kalkulu berriaren ondorioz. Era horretan, erakundeekiko konpromisoak ordaindu eta gero, Aldundiak 1.602,1 milioi euro kudeatuko ditu zuzenean.

Horietatik, 1.193,7 milioi egongo dira sailen esku. Beraz, sailek eskuragarri izango dutena % 2,4 haziko da, aurrekontuaren egonkortasunari buruzko arauan gastuaren mugari dagokionez ezarritako irizpideari jarraikiz. Horrek zorraren 200 milioi baino gehiago amortizatzeko aukera emango du.

Urriaren 31n, Aldundiak aurrekontu-proiektua erregistratuko du Batzar Nagusietan, bertan izapidetzeko. Izapideak abiarazteko beren sailen 2018. urterako partidei buruzko azalpenak emango dituzte foru diputatuek batzarkideen taldeen aurrean.

ITURRI: BFA

  Bideo erlazionatuak...

  Berri ikusiagoak...