ZALLA

Prentsa Aretoa

2012/09/19

Zallak bere herri-guneen arteko distantziak murriztu nahi ditu.

EAJk auzo arteko taxi zerbitzu merkea sortzea proposatu du.

rss Ezagutzera eman
Zallak bere herri-guneen arteko distantziak murriztu nahi ditu.

ARGAZKIA JAITSI

Asteazkena, merkatu eguna. Zallako Euskadi enparantza, udalerriko erdigune bilakatu da, herritarrek inola ere galdu nahi ez duten hitzorduan. Asko eta asko dira etxera poltsaz zamatuta joaten direnak, eta pisua arazo bihurtzen da halakoetan da . Bereziki, Soiano gunean. Ez dago trenik edo autobusik Mimetizekin lotzeko. Hori da herri-gunetik urrun bizi direnen arazorik nagusienetakoa. EAJk halakoak saihetsi nahi ditu auzo arteko bonotaxi zerbitzua ezarriz, gobernu taldea prestatzen ari den mugikortasun plana bukatu arte.

Bidai bakoitzeko tarifa sinbolikoa ordainduko da, eta  prezioa osatzeko gainerakoa Udalak diruz lagunduta egongo litzateke. Horrela, herritarrak garraio publikora hurreratu, erosketak egin edo herri-guneko mediku kontsultara joatea izango lukete. “Soianoko askok esaten digute lagun edo senideei  autoan eramateko mesedea eskatu behar dietela. Horregatik, interesgarri jotzen dugu proposamen hori aztertzea, herri-gunetik urrunen dauden auzoetara ere eraman ahalko zelarik, hau da, La Magdalena, Otxaran edo Torremonte “ azaldu du Esther Lasa bozeramaile jeltzaleak.

Krisian dago sektorea. Zerbitzu hau Zallako taxi gidariek emango lukete. Gaur egun bost dira Bizkaitarra kaleko geltokian taxia duten gidariak. Merkatu egun euritsuan ekimena baloratu dute “ Ondo aztertu behar da, ordutegia, prezioa eta udalarentzako kostea ikusi beharko litzatekeelako” esan dute. Praktikan jartzekotan ere “ banaketa denon artean egitea“ eskatu dute “denok parte hartze berdina izan dezagun” .

Asteazken arrunt batez, ohiko zerbitzuak dituzte Soiano,Aranguren,Otxaran eta Presara. “Gallartarainoko bidaiak 5,50 euroko kostea du. Krisia hasi zenetik dirua gehiago zaintzen da eta badaude batzuk etxera oinez doazenak. Oro har bizpahiru bidai dira Arangurenera, beste horrenbeste Otxaranera eta baten bat beste auzoetara” azaldu dute.  

Sektore hau krisian dago gaur egun. “Hainbat faktore elkartu dira: egoera ekonomikoa eta Zallak  larunbat gaueko topagune gisa  indarra galdu izana. Lehenago, gure jarduera nagusienetako bat zen herriko gazteak ondoko herrietatik ekartzea” esan dute.

Ohiturak aldatu dira. Gazteria kanpotik mugitzen da eta ez zaie gehiago herriko taxiei deitzen. “Baina nagusiei bai etorriko zaiela ondo herri-gunera hurreratzeko taxia izatea” esan du bidegorritik paseatzen ibili den gizon nagusiak. “ Oro har ondo komunikatuta gaude Bilborekin eta Enkarterri osoarekin “ esan du herritar batek. Aretxagan gelditu da, Soianotik Mimetizera doan kilometro bateko bide erdian. “ Oinez joaten naiz. Oro har, Zalla  ondo komunikatuta dago Bilborekin eta Enkarterrirekin, baina Soianok garraio publikoa indartzea behar du” gaineratu du.

Mugikortasun plana “ Garraiobideak hobetzea da gure lehentasunetako bat. Zalla Bai taldearen hauteskunde egitasmoak aurreikusten du barne zerbitzua jarriko dela auzoekin eta beste udalerriekin lotzeko” azaldu du Javier Portillok.

Gobernu taldea mugikortasun plana egiten ari da, herritarren ohiturak aztertzeko eta garraio alorrean dauden beharrizanak zein diren ikusteko. “ lehen fasea egin da, Mimetiz auzoa hartzen duena. Bigarrenaren aurrekontua egina dago eta urte bukaeran esleitzea espero da” aurreratu du alkateak.

Geroan, ekimen zehatzak aztertuko dira:  “Planak utziko dizkigun ondorioen arabera erabakiko dugu. Orduan ikusiko dugu proposamenak Udalaren diru sarrerekin egiterik ote dagoen”. Gobernu taldeak  mugikortasun azterketa  aitzakia gisa erabili  du,  EAJk Soiano auzoak garraio publikoan dituen beharrizanei erantzuteko aurkeztu duen proposamenaren bozketa atzeratzeko. “ Mimetiz , La Herrera, Otxaran eta Aranguren ez bezala, Soianok ez du autobusik edo trenik  herri-gunera iristen denik. Gainera, zabaltzen ari den gunea ere bada” gogoratu du Esther Lasak.

Bilkuran ez da aztertu auzo artean taxi zerbitzua ezartzeko posibilitatea . “Ideiak batzordean planteatu behar dira eta mugikortasun azterketaren edukiak ikusita” arrazoitu du alkateak . “Gaur egun, Udalak ez digu duela urte bete enpresa bati agindu zitzaion mugikortasun azterketaren gaineko informaziorik eman. Horregatik, garraio publikorako alternatiba ezberdinak aztertzeko konpromisoa hartzea eskatzen dugu “ ezarri du Esther Lasak.

  Berri ikusiagoak...