Prentsa Aretoa
2015/01/31
ALDUNDIAK ZALLAKO TOMATE TXIKIA BERRESKURATZEA AZTERTZEN ARI DA.
•Nekazaritza Saileko foru diputatuak Frutagintzako Estazioko saiakera berri horren gakoak azaldu ditu. Tokiko ekoizleen laguntza izango du saiakerak. •Irene Pardok Upategi Esperimentala birgaitzeko eta instalazio berria jartzeko obrak egingo direla ere jakinarazi du, aurrerapen teknologikoei esker lan gaitasuna handitzea ahalbidetuko dutelarik. 120.000 euroko aurrekontua izango du eta diputatuak apirilean lanak bukatutakoan bisita bat egingo badu ere, hurrengo mahats-bilketarekin jarriko da martxan, uda amaieran alegia. •Foru zentroak bihar hartuko du XXV Inausketa Jardunaldietako bi sesioetako lehena, otsailaren 7an errepikatuko delarik.
Nekazaritza Saileko foru diputatu Irene Pardok gaur goizean aurkeztu ditu Zallako Tomate Txikia berreskuratzeko azterlanaren gakoak, Zallako Frutagintzako Estazioan. Oraingo honetan foru zentroaren saiakera berri honek tokiko ekoizleen babesa izango du, beraiek hala eskatuta. Pardok bisita aprobetxatu du Inausketa Jardunaldien XXV. Edizioa aurkezteko. Hurrengo bi larunbatetan ospatuko dira, urtarrilaren 31n (frutak) eta otsailaren 7an (txakolina). Upategi Esperimentala birgaitzeko eta instalazio berria jartzeko obrak egingo direla jakinarazteko ere aprobetxatu du, aurrerapen teknologikoei esker lan gaitasuna handitzea ahalbidetuko dutelarik. 120.000 euroko aurrekontua izango du eta diputatuak apirilean lanak bukatutakoan bisita bat egingo badu ere, hurrengo mahats-bilketarekin jarriko da martxan, uda amaieran alegia.
Tokiko tomate mota hau berreskuratzea Zallako lehen sektoreak Nekazaritza Saileko foru diputatu Irene Pardori zuzenean egindako proposamena da. Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak aztertzeko eta jarraian balioa emateko proiektu pilotua abiarazi du, ekimena gauzatzeko eskatu dutenen zuzeneko lankidetza izango duelarik. Azken ondorioek hala gomendatzen badute, barietatea ugarituko da.
Helburu horiekin eta Zallako Frutagintzako Estazioaren bitartez, Nekazaritzako foru Zerbitzuak landare-materialaren eskaera egin dio Neiker landareen material genetikoaren biltegiari, Eusko Jaurlaritzaren nekazaritza ikerketako enpresa publikoari alegia. Azken horrek aipatutako barietatearen hainbat hazi eman ditu aztertzeko eta nekazal balorazioa egiteko. Ostean beste eskaera bat egingo da, kasu honetan landareen material genetikoaren Zaragozako biltegiari, erabili ahal izateko hazi gehiago lortzeko. Beste biltegi hori espezie eta barietate desberdinek hazien bilduma da, instalazio batzuetan gordetzen dena. Bertan hezetasun-baldintza eta tenperatura egokietan kontserbatzen dira, ondare genetikoa mantentzeko.
Azterketak ondorengo faseak izango ditu:
-Zallako Frutagintzako Estazioan landare-materiala erein eta landatzea.
-Interesatuta dauden ekoizleak landarez hornitzea, foru erakundearekin lankidetzan aritzeko hitzarmena sinatu ostean.
-Nekazaritza-jarraipena eta balorazio organoleptikoa egitea.
-Hurrengo kanpainetarako emaitzak eta gomendioak lortzea, urtebetez aztertzea ez baita nahikoa.
-Barietatea erregistratu eta merkaturatzea.
Nekazaritza Zerbitzuaren, Neikerren eta ekoizleen arteko lankidetza-fase bat ere aurreikusten da, emaitzak fidagarriagoak izan daitezen. Emaitza horiek lortzen direnean, Neiker arduratuko litzateke barietatearen kudeaketaz eta barietatea ugaritu eta kontserbatzeaz, emaitzek hala eskatzen badute.
Zallako Tomate Txikiaren aurrekariak
Aragoiko Aldundi Nagusiaren menpe dagoen Zaragozako nekazaritza-landareen material genetikoaren biltegiak Europako handienetako bat den estatuko landareen material genetikoaren biltegia eratzeko oinarriak jarri zituen, Neikerrekin eta Nekazaritza Ikerketen Estatuko Institutuarekin batera. 1985 eta 1997 bitartean espezie eta barietateen prospekzioak egin ziren, tartean tomatearenak. Helburua tomatearen tokiko barietateak ezagutu eta babestea, inbentarioan sartzea, deskribatzea eta bere haziak gordetzea zen, etorkizunean ugaritu eta landu ahal izateko.
Tomateari dagokionez, 1995, 1996 eta 1997an Zaragozako nekazaritza-landareen material genetikoaren biltegiko prospekzio taldeak biltze-espedizio asko egin zituen Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban, baserri asko laginduz eta ekoizleei hazi kopuru txikia eskatuz, betiere etxe komertzialetik ez zetozela bermatzen bazuten.
Lan gogor hori burutzeko (hiru Aldundietako teknikoen, ekoizleen elkarteen, ENEEK-Euskadiko hazien sarearen eta beste hainbaten laguntza izan zuten) hainbat baserri bisitatu ziren, informazioa eta landare-materiala bilduz. Prospektatutako landare-material guztia Neikerren eta Zaragozako landareen material genetikoaren biltegietara bidali zen eta egun han dago.
Zallako Tomate Txikiaren azterlana aurkezteko prentsa-oharrean bertan, Nekazaritza Saileko foru diputatu Irene Pardok Upategi Esperimentala birgaitzeko eta instalazio berriak jartzeko obren berri eman du, aurrerapen teknologikoei esker lan gaitasuna handitzea ahalbidetuko dutelarik. 120.000 euroko aurrekontua izango du eta diputatuak apirilean lanak bukatutakoan bisita bat egingo badu ere, hurrengo mahats-bilketarekin jarriko da martxan, uda amaieran alegia.
Zallako Futragintzako Estazioko egungo Upategi Esperimentalaren ekipamenduek 15-20 bat urte dituzte eta beraz, teknika eta ekipamendu modernoak dituzten instalazioak jartzea birplanteatu beharra dago, berrikuntzan eta teknologian aurreratu ahal izateko. Egungo ekipamenduaren parte handi bat aprobetxatuko da, egungo biltegi batzuk upategiaren atzeko aldera eramango dira eta geratzen den eremurik handiena mikroardotzeetarako erabiliko da, ekipamendu berriekin.
2014ko urrian egindako mahats-bilketarekin, Upategi Esperimentala txakolin zuriaren, ardo beltzaren eta gorriaren (oilar-begia) 21 ekoizpen desberdin egiten ari da guztira.
Upategi Esperimentala birgaitzearen helburuak:
-100-1.000 litroko mikroardotzeak egitea, berme tekniko guztiekin eta ardoaren eta sagardoaren hartzidurazko eta kontserbaziorako prozesuen kontrol automatizatuarekin.
-Ekoizpen eta azterketa kopurua handitzea. Sistema berriarekin ekoizpen baten hainbat aldaera egin daitezke. Esate baterako, 1.000 litroko mosto batetik 250 litroko 4 ekoizpen egin daitezke.
-Azterketa eta ekoizpen berriak egitea, legamia, hartzidurarako tenperatura, ligen gaineko hazkuntza, beratze-denbora eta abar desberdinekin.
-Ekoizpen motaren funtzioaren arabera barietateen profil aromatikoak sortzeko prozedura berriak abiaraztea.
-Mikrobiologiaren eta legamia autoktonoen azterketak egitea edo unibertsitate edo I-G+b enpresaren batekin lankidetzan aritzea.
-Zallako Frutagintzako Estazioan aztertzen diren barietate gutxituen eta hautatutako klonen ezaugarriak eta jarrera enologikoa lantzea.
XXV Inausketa Jardunaldiak urtarrilaren 31n eta otsailaren 7an
Bihar, urtarrilak 31 (larunbata), ezinbesteko hitzordua izango dugu foru zentroarekin, goizeko lehenengo orduan. Zallako Frutagintzako Estazioak inausketaren inguruko jardunaldi teoriko eta praktikoekin hasi du 2015a, otsailaren 7an errepikatuko direlarik.
Ehun urteko zentroak hainbat jende etortzea aurreikusten du. Inausketaren teoria, ardatzeko fruta-arbolen inausketa, kiwiaren inausketa eta defentsa fitosanitarioaren gainean arituko dira urtarrilaren 31ko lehen jardunaldiaren esparruan. Bigarrenean, otsailaren 7an, upategietan txakolina eta sagardoa ekoiztearen eta mahatsondoa zelaian inaustearen eta azken horren defentsa fitosanitarioaren gainean arituko dira. Defentsa fitosanitarioaren alorrean, plagizidei buruzko araudia jasangarri berria azalduko dute. Pasa den urtean 600 profesional eta zale hurbildu ziren jardunaldietara.
Jardunaldi bakoitza lau ataletan egiten da. Parte-hartzaileak atal horietatik txandakatuz doaz hogeita hamar minuturo, txilibitua jotzen denean. "Ekoizleen prestakuntza bultzatzeaz gain, jardunaldiek Sailaren eta lehen sektoreko kolektiboaren arteko komunikazioa bermatzen dute, lurraldeko ustiapenen modernizazioa eta lehiakortasuna sustatzeko. Aldi berean, Bizkaiko hiritarrei zabaltzen diete eskaintza. Izan ere, etxean baratze edo lorategi txiki bat dutenek gero eta gehiago interes handiagoa dute jardute horietan". Horrela laburbildu ditu jardunaldien helburuak Nekazaritzako diputatu Irene Pardok.
Estazioak Bizkaiko frutagintza, mahastizaintza eta ardogintza aztertu eta hobetzea du xede, baita teknologiaren transferentzia eta laguntza teknologikoa ere, Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deitura, Bizkaiko Sagardoa, Frutazainen Elkartea (Bialka) eta Txakolin Ekoizleen Elkartea (Bialtxa) erakundeentzat, hain zuzen ere. Gaur egun zentroak 6 hektarea ditu fruta-arbola eta mahastiekin. Baditu Upategi Esperimentala eta hozkailuak, landareak ugaltzeko eta mahatsondoen hautaketa egiteko berotegiak, ureztatze instalazioak, estazio meteorologikoa, makineria eta beste batzuk.
Frutagintzaren arloan, barietate interesgarrienak aztertzen dira, sagarrondoak, madariondoak eta kiwiak sortzeko eredu eta sistema desberdinetan. Sagardorako sagarrondoen kasuan, sagardoa prestatzeko barietate interesgarrienak aukeratzen dira. Fruta Bizkaiko ongintza zentroetara bideratzen da. Horrez gain, ekoizleen kontsultei eta aholkularitza premiei erantzuten zaie.
Mahastizaintzaren sektorean, barietate autoktonoen hautaketa klonala egiten da, tartean Hondarribi Zuri, Zuri Zerratia, Mune Mahatsa, Berdexa Sarie, edota Hondarribi Beltza barietateena, besteak beste. Horrez gain, bertoko eta kanpoko biniferoak aztertzen ditu, patroi eta formazio sistema desberdinetan. Era berean, barietateen ahalmenak baliatzeko aukera ematen duten inausketa-teknikak aztertzen dira, ardoen kalitatean eraginik izan gabe. Upeltegi Esperimentalean mahats bilketa berantiarra, apardunak eta destilatuak ere aztertzen dira.
Nekazaritza Sailak denbora luzea darama ardogintzan, enologian eta landareen osasunean prestakuntza praktikoa jasotzeko beketarako deialdia egiten eta horiek erregulatzen dituzten oinarriak onesten. "Foru Dekretu bati esker, bi beka emango dira Zallako Frutagintzako Estazioan aritzeko, eta beste bi, berriz, Derioko landare babeserako zentroan lan egiteko; hala, xede bikoitza lortu nahi da: alde batetik, gazte profesionalak laneratzea bultzatzea, eta beste aldetik, kalitatezko elikagaiak lortzean gero eta errespetu eta eraginkortasun gehiago izatea", azaldu du Irene Pardok.
Iturria: BIZKAIKO FORU ALDUNDIA - DIPUTACIÓN FORAL DE BIZKAIA
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2022/05/07
EBB
2020/12/10