ZALLA

Prentsa Aretoa

2016/03/05

Felipa Marina Urrutia, konpromezu eta abertzaletasun eredu

Egungo gizartean, kamisetetan zein posteretan erakusteko balioko duten urrutiko heroien bila joateko joerak berean jarraitzen du. 68ko maiatzaren ikonoak oraindik gure artean bizirik diraute. EAJ-PNVn ez dugu zertan kanpora joan beharrik heroien bila: Gurean ditugu, etxean, gure familietan, Zallan ere bai. Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren aitzakian, Zallako EAJ-PNVn Zallako Emakume Abertzale Batzaren lehenengo idazkaria izandako Felipa Marina Urrutiaren eredua gurea egin nahiko genuke. Horrekin batera, militantzia eta duintasun eredu ziren hamaika emakume langile eta borrokalarien adibidea ezagutzera eman nahiko genuke, Gerraren une lazgarrietatik, erbestearen hotzeraino.

rss Ezagutzera eman
Felipa Marina Urrutia

ARGAZKIA JAITSI

Emakume Abertzale Batza 1922. urtean irlandako Cumann na mBan emakume talde abertzale gisa sortu zen eta abertzaletasunaren hedapenean giltzarri izan zen. Gerra Zibilak bere ibilbidea eten zuen bainan zenbait talde exilian jardun ziren.

EAB 1922. urtean sortuagatik, bere egiazko zabalkundea urte horretatik aurrera II. Errepublikaren ezarpenarekin gauzatu zen. Denbora tarte horretan, gizarteko eremu anitzetan emakumeen partehartze eta militantzia prozesu politiko zein kulturalen hazkundearen baitan, emakume abertzaleek 1936ko etenaldia gertatu zen arte etengabeko hazkundea bizi zuen erakundea abian jarri zuten.

Josu Chueca historiadoreak xehetasunez beteriko artikulu honetan EABko emakumeen ekintzen berri ematen du, bai II. Errepublikako garaikoak zein gerraosteko garai ilunekoak ere.

Zallako herrian ere II. Errepublikako loraldi abertzalea gauzatu zen eta 1932. urtean zabaldu zen bere batzokia. Kontestu historiko honetan Zallan ere herriko Emakume Abertzale Batza taldea sortu zen, Felipa Marina Urrutia izan zelarik bere lehenengo -eta azken- idazkaria.

Azkena izan zela diogu, gudaroste faxistaren sarrera Zallan Feliparen -eta bera bezala herriko hainbat herritaren- lehentasunezko bilaketa, atxilotzea eta azkenik fusilatzea bilatzen zuen zerrendan sartuta egotea bihurtu baizuen. Hau guztia, La Herrerako Don Marcos apaizaren salaketa medio.

Zazpiak Bat guardado por Felipa Marina UrrutiaIhes egitea lortu aurretik, Felipak 1937. urtean batzokiko paretetan zintzilik zeuden lau margolan ezkutatzeko aukera izan zuen.

Zallako familia abertzale batek diktadura guztian egokiro ezkutatu zituen 1978. urtean batzokiaren berirekierak Zallako EAJ-PNVri itzuli zizkien arte.

Margolanetako bat, Zazpiak Bat klasikoa delarik, egun 2016an, batzokiko junta gelan dago zintzilik. Sakatu ezazu bere gainean neurri handiagoan ikusteko:

Ihes egitea lortu ostean, eta Frantzia zeharkatu ondoren, Bruselan ezarriko da exiliatu talde euskaldun nabarmen batekin.

Eskuragarri jartzen dugun zertifikatuari erreparatuta, 1939. urtean Belgikako atzerritarren zensoan izena emanda zegoela baieztatu dezakegu. Egun Europak bizi duen errefuxiatuen krisiarekin alderaketak agerikoak dira.

Certificat de recensement

Erbestea mingarria izanik, are eta mingarriagoa da babesa eskaini dizun herrialdeak beste potentzia baten okupazioa pairatzen badu. 1940ko maiatzean Alemaniak Belgika inbadituko du eta horrek kezka larria ekarriko du euskal erbestealdira.

Alemania naziak Belgika inbaditu izana, Alemaniaren gerra esfortzua bultzatzeko okupaturiko herrialdearen baliabide ororen ezinbesteko mobilizazioa ekarriko du. Horrek herritarren elikagaiak razionatzen zituen sistema baten ezarpena ekarri zuelarik, derrigorrezkoa bihurtu zen bere erabilpena elikagaiak eskuratzeko garaian.

Euskal erbesteratuak ere horrela egin beharra izan zuen Feliparen razionamedu txartelak erakusten digun bezala. Sakatu irudiaren gainean neurri handiagoan ikusteko.

Cartilla de racionamiento de Felipa Marina Urrutia

Atzerrian erbesteratua, Alemania naziaren lagun zen herrialde bateko hiritarra izanik -bainan bere irudikoz abertzale arriskutsua- eta mugimendu askatasuna mugaturik, gaixotu egingo da.

Bere gaixotasunaren arrazoi zehatzak ezezagunak zaizkigularik, ezinbestez larria behar zuen izan bere heriotza sorrarazi baizuen 1943. urtean.

Últimas voluntades.

Feliparen sendiak utzi digun txartel honetan, azken borondateen ohar hau irakurri dezakegu:

Frantsesez horrela irakurri dezakegu:

"Erligio Katoliko eta Erromatarreko kide naizela zin egiten dut.

Ezbehar larria gertatuko balitz edo hospitale batera eramango banute, Apaiz Katoliko bat eskatzen dut.

Hilko banintz, Eliza Katolikoaren errezuak eskatzen ditut.

Nire egiazko borondatea da eta bere betearaztea eskatzen dut"

Felipa bere osasun egoeraz jabeturik azken borondateetako oharra gainean eramatea behartua ikusi zuen bere burua? edo II. Mundu Gerrako kontestuan horrelako txartela gainean eramatean ohikoa zen? Ez dakigu.

Jakin badakigu, 1943. urtean Felipa Euskadira itzultzeko aukera izan zuela da -nahiz eta itzuleraren nondik norakoak ezezagunak zaizkigun- eta Zallan gelditzeko asmoa bazuen ere, La Herrerako Don Marcos apaizaren bigarren salaketa batek bere asmoa zapuztu zuen.

Horrela izanik, Barakaldon bizi zen bere aizpa baten etxean ostatu hartu beharra izan zuen, 1943. urtean 38 urterekin zendu zen arte.

Doakiola Felipari gure omenaldirik hunkigarriena, eta nolaz ez, bera bezala, egoera pertsonal oso zailetan lan ixil eta arriskutsuetan elkartasuna eta sakrifizioaren baloreetan oinarritutako erresistentzia eta militantzia gauzatu zuten hamaika emakumeei.

Azkenik, Zallako EAJ-PNVn Felipa Marina Urrutiaren sendiari ere gure eskerrik beroena helarazi nahi diogu. Bai eskuratutako dokumentazioa uzteagatik, zein hain mingarriak diren gertaerak gurekin partekatzeagatik, eta mingarriak izanagatik, EAJ-PNVk Zallako gizartean izan duen ibilbide jada luze eta oparoa hobeto ulertzeko ezinbestekoak direlako.

KATEA EZ DA ETEN!!

  Berri ikusiagoak...

Next Euskadi